Mugitu.com, Akuariumeko lehen array txikia

Arraytxiki Web Laborategiaren Akuariumak bizilagun berri bat dauka: Mugitu.com, Gipuzkoan barrena garraio publikoan mugitzeko informazioa eskuragarri jartzen duen web aplikazioa.
Mugitu.com Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika fakultateko Joseba Alberdi eta Endika Esteibar ikasleek irakasgai baterako egindako klaseko lana da. Haiek hala eskatuta, Arraytxiki Web Laborategiak ostalaritza (eta beharrezko euskarri teknologikoak jarri ditu proiektua online garatu ahal izateko (PHP, MySQL, SSH, Webmail, FTP…) baita aholkularitza teknikoa eta kontzeptuala ere.
Esperimentazio fasean ari ginela, Facebook eta Twitterreko erabiltzaileei iritzia eskatu genien, eta oso harrera ona izan du egitasmoak. Gainera, Sustatura ere salto egin du, albiste moduan.
Oraindik beta fasean dago (esan nahi da, laborategitik irten den lehenengo bertsioa dela), edo, hobe esanda, prebeta fasean (alpha eta beta bertsioen artekoa) eta garatzen darraite ikasleek. Funtsean, Gipuzkoako herrien artean jatorria ea helmuga hautatu, eta Mugitu.com aplikazioak batetik bestera mugitzeko garraio publikoaren konbinazio posibleak itzultzen dizkizu, baita ordtegiak, iraupena eta prezioa ere. Gainera, ibilbidea mapa baten gainean ikusteko aukera ere eskaintzen du.
Epe laburrean, sistema hobetzea eta orain dauden aukerak fidagarritasun osoz eskaintzea da helburua, eta epe ertainean, sistema bera hobetzea (itxura eta teknika aldetik) eta Euskal Herriko beste herrialdeetara hedatzea.
Esan bezala, prebeta bertsioa da eta beraz oraindik gauza asko ditu hobetzeko. Inolako iradokizun edo zuzenketari bidali nahi baduzu, edo egileekin harremanetan jarri, Arraytxiki Web Laborategiaren harremanerako formularioa erabiliz egin dezakezu.
Bestalde, Arraytxiki Web Laborategiaren egitasmo propioez gain, espero dugu aurrerantzean ere gisa honetako esperientziak ugaltzea. Beraz, web aplikazio bat garatzeko ideia bat baduzu, jakinarazi iezaguzu, eta egitasmoa aztertu ostean Akuariumean doako ostalaritza zerbitzua eskainiko dizugu, inolako konpromisorik gabe. Eta ahal dugun heinean, laguntza eta aholkularitza ere emango dizugu.

albiste bilatzailea